XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Kojinak edo alfonbrak, ordea, bai.

- Nolakoa zaren -egin zuen hasperen Jonek, indarrik gabe gelditu berria balitz bezala.

Okindegiko leihorantz joan zen gero, baina aldi honetan zinez begiratzeko eta leihoz kanpokoa zinez ikustearren.

Hantxe zeuden zuhaitzak; hantxe zeuden bi ehiza-zakur; hantxe hotelaren teilatu gainean txistuka zebiltzan enarak.

Baina hura guztia beste mundu batekoa zen.

- Ez dakit zer esan nahi duzun -esan zion Carlosek deserosoki.

Apur bat harrituta zegoen Joneren erreakzioarekin.

Lotarako pastilen eraginpean ume bezala, adolezente erori bat ematen zuen orain.

- Esan nahi dut beheko gela horrek gaztelu batekoa ematen duela, eta hori zure gogoz dela horrela, ez halabeharrez.

Baina zuk ez didazu ezer esango.

Hau izan daiteke biok hitzegiten dugun azkenengo aldia.

Gure artean pasa dira gauza batzuk, baina horrek zuri ez dizu ardura.

Sekula ezer esaten ez duen pertsona zara.

- Esango dizut, hala nahi baduzu -onartu zuen Carlosek.

Oso nekatuta zegoen.

Lo egitera joan beharra zeukan-.

Ezin naiz emakumeekin leku arruntetan oheratu, edo hobeto esanda, ez zait gustatzen.

Ez naiz eszitatzen.

Horixe da enigmaren soluzioa.

Jonek irrifarre egin zuen, eta bere aurpegiko gihar, zain eta zimur guztiak ohizko tokian kokatu ziren ostera.

- Holako zerbait iruditu zitzaidan iturriko belardira joan ginenean -esan zuen-.

Baina zein da zure fantasia zehazki?

Bortxatzaile bat zarela?

Erdi-Aroko jaun bat zarela eta mazmorran preso dauden neskak hartzen dituzula?

Zein elkarrizketa interesgarria, Carlos.

Zein aitorpen sintzeroak egiten dizkiean emakumeei.

Benetan, gaztetua ikusten haut, entzun zuen bere baitan.

Berak aurresentitu bezala, Arratoia esna zegoen berriro.

- Nahikoa hitzegin dugu.

Joan egin beharra daukat -esan zuen Carlosek.

Zortziak hamar gutxiago ziren ia, eta goiz hartako bigarren asteriskora abiatu beharra zeukan segituan.

Garaiz ez iristera, Mikel urduri jarriko zen.